XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Zergatik ez dira elkarrekin bizi? -halako itaunik! Galdetu ere! Zer jakingo du berak ba?

Nik ere ez dakit zergatik joan den gure aita etxetik. Amarekin matrakan aritzeagatik? Ni neu ere ia-ia egunero muturtzen naiz nebarekin baina horrek ez du esan nahi maite ez edo alboan gehiago nahi ez dudanik.

Uda gainean, eta aitarik ez, tristurak jota nago!

Ea zer egin behar dugun oporretan galdetu digu andereño Itziarrek. Nik baneki! Ikasten jarraituko al dugun esan duenean bekokia tximurtu zaigu denoi.

Oporrak jolasteko eta hondartzara joateko dira, esan dut nire baitarako. Nahiz eta orain...

Lehen familia osoa joan ohi ginen toki guztietara: hondartzara, beste herri batzuk ezagutzera... edonora.

Igeri egiten ere aitak erakutsi zidan. Aitarekin uretara joan eta txipli-txapla igeri egiten ikasi.

Hark ni besoetan hartu eta gorantz jaurti, ni ikaratu eta ur asko edan. Baina aitarekin beti. Norekin orain?

Gazia da itsasoko ura. Geza, begien malkoa.

Uda alaia da eta koloretsua. Harearen kolore horia eta itsasoaren urdina gustatzen zaizkit.

Eta maiz entzun izan diet gurasoei gu leku pribilegiatuan bizi garela.

Ez dakit zer esan gura duen berba horrek, eta galdetu ere ez diet inoiz egin. Baina gure aitak hori esaten duenean, haizea sakon hartu birikietan, eta begien bistan, aurrean, atzean, ezkerrean eta eskuinean daukan guztiari begira hasten da.

Hunkitu egiten dela esango nuke nik.